XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEA

Nafarroako gerra osteko mugimendu euskaltzalea ikertzeko tenorea da

Larrion eta Ramos historialariek garai hura aztertu beharra azpimarratu dute

Patxi Larrion eta Rosa Ramos 1936ko gerra osteko Nafarroako euskararen aldeko mugimenduaz mintzatu ziren atzo, UEUko soziolinguistika ikastaroan.

Bi historialarion idurikoz, garai ilun haietako mugimendu euskaltzale nafarra ikerkuntza bitartez argitzeko tenorea heldu da.

Juan Kruz Lakasta / Iruñea

Patxi Larrion atzo, Larraona ikastetxean.

EZER gutxi argitaratu da orain arte Nafarroako gerra osteko mugimendu euskaltzaleaz.

Badira zenbait artikulu solte Rosa Ramosek berak, esate baterako,frankismoaren garaiko euskararen inguruko zenbait gertakizun bildu ditu bere artikulu batean,baina oro har egiteke dagoen ikerketa dela esan daiteke.

Xabier Erize UEUn bertan gerra aurreko Nafarroako euskararen aldeko mugimenduaz egin berri duen ikerketaz mintzatu zen herenegun.

Larrion eta Ramosen aburuz, ahalik eta lasterren gauza bera egin beharko litzateke gerra osteko mugimenduarekin.

Larrionek atzo adierazitakoaren arabera, ikerketa horren beharra azpimarratzea izan da euren hitzaldiaren helburu nagusia.

Ez dugu hitzaldia prestatzeko fundamentuzko ikerketarik egin.

Zegoena bildu dugu, zer edozer ikertu dugu, eta gehienbat sakoneko ikerketa egiteko oso tenore polita dela azpimarratu nahi izan dugu.

Gauzak horrela, 1936ko gerra abiapuntutzat eta Euskararen Legea helmugatzat hartuta, Larrion eta Ramos Nafarroako gerra osteko euskararen aldeko mugimenduaz mintzatu ziren atzo Larraonan.

Larreko euskaltzale iruindarra eta berak idatziriko Gerra urte, gezur urte izan ziren euren kontaketan estreinako mugarriak.

Lekukotasun polita da hori.

Larrekok jaso zuen altxamendua izan zenetik 1941.urtera arte euskaldun batek nola bizi izan zuen euskararen egoera urte horietan.

40ko eta 50eko hamarkadetan euskarak Nafarroan garai motel baino motelagoa bizi izan bazuen ere, bada ezberdintasun bat.

Hegoaldeko gainontzeko hiru probintzietan ez bezala, Nafarroako erakundeek nolabaiteko partehartzea eduki zuten euskararen zuzpertzean, baina ikertu ez denez, egun argitzeke dago horren benetako garrantzia.

1956. urtean Principe de Viana erakundeak euskara zuzpertzeko taldea sortu zuen.

Talde horren eskutik hainbat ekinbide sortu ziren.

Azpimarragarriena euskarazko aldizkaria da.

60ko hamarkadaren erdialdean hasi ziren argitaratzen, 1992. urtera arte mantendu zuten.

Zazpi mila ale argitaratzen ziren, eta dohainik banatzen zen.

Horretaz bada ikerketa lan dexente egina.

Garai haietan erakundeez landara bertsolari txapelketak,euskarazko literatur lehiaketak eta beste ekinbide batzuk antolatu ziren.

60ko hamarkadaren bigarren erdian beste une garrantzitsu bat izan zen, ikastolen sorrera hain zuzen ere.

Lehendabizi Iruñean sortu ziren, eta gero gainontzeko eremuetan, eta horiekin batera euskalduntze-alfabetatzea kasik sortu egin zen.

Lehendik bazen, baina oso deskoordinatuta,eta une horretan indartu eta koordinatu egin zen.

Larrionen hitzetan, garai haietan erakundeen jarrera nolakoa izan zen esatea zaila da.

Han ziren batzuk euskaltzaleak zirela onartu beharko da, eta beste batzuek gauzak baimendu egiten zituztela, ez ikusiarena egiten zutela aitortu.

Erakundeetan euskararen etsai amorratuak ere baziren, baina nolabaiteko aukera ematen zen gauzak egiteko.